Edukira joan

Yserreko Frontea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Georges-Émile Lebacq margolariak egindako margolan bat Yserri buruz, 1917an

Yserreko Frontea (frantsesez: Front de l'Yser , nederlanderaz: Front aan de IJzer), Mendebaldeko Flandesko Frontea izenarekin ere ezagutua, Lehen Mundu Gerrako Mendebaldeko Frontearen parte izan zen fronte txikiago bat izan zen, gehiena Belgikako tropen kontrolpean. Frontea Yserreko guduaren ondorioz sortu zen, 1914ko urrian. Gerraren amaierara arte frontea ez zen ia mugituko.

1914ko hasierako kanpainetan zehar, Belgikako armada Lieja, Namur eta Anberes hiri gotortuetatik kanporatua izan zen, alemaniar armada motelaraztea lortu zuen arren. 1914ko urriaren hasieran alemaniarrengatik aske geratzen zen Belgikako zati bakarra Yser ibaiko mende-hegoaldean zegoen. Hainbat hilabetez erretiratzen aritu ondoren, Belgikako armada nekatuta eta txikituta zegoen. Urriaren 16atik 31ra belgikar armada alemaniar armaden aurrerapena gelditu behar izan zuen Yserreko guduan, non 3.500 hildako eta 15.000 zauritu jasan zituzten.[1] Yserreko guduak frontearen lubaki lerroak egonkortu zituen, 1918ra arte aldaketa gutxiekin mantenduko zirenak.

Flandriako gudu-zelaia 1914an

Yserreko Fronteak 30 kilometroko luzera zeukan gutxi gorabehera[2] eta Belgikako Ipar itsasotik edo Mantxako kanalatik Ieperlee ibaiarekin batera jaisten zen Pervijzera eta handik arku moduan Oudekapelle eta Reningera. Diksmuide alemaniar eskuetan erori zen Yserreko gudua baino egun batzuk lehenago.

Fronteak Belgikako ipar-mendebaldeko eskualde txiki bat babesten zuen, alemaniar eskuetan erori ez zen bakarra. Alberto I.a erregeak, Belgikako Armadaren komandante nagusiak, Veurnen kokatu zuen bere egoitza.[2] Belgikako gobernua, Charles de Broqueville-en menpean, Sainte-Adressen ezarri zen, Le Havre frantziar hiriaren aldirietan.

Frontearen ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belgikar agintaritza eta diplomazia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko Frontearen iparreko sektorea babestu arren, belgikarrek gerra osoan zehar Aliatuak antolatutako ofentsibetan parte hartzeari uko egin zioten. Alberto I. erregeak, belgikar armadaren agintari gorenak, uste zuen Belgikako Erresumaren neutraltasunagatik soilik Belgikaren interesen alde zeuden kanpainetan parte hartu behar zuela. Albertek uste txarra zuen "ofentsiba-taktikak" deitutakoetan, haren frantziar eta britainiar aliatuek ez bezala. Haren ustez erasoak neketsuak eta emaitza zehatzik gabekoak ziren.[3] Erregeak bi aldeen arteko bake hitzartua lortu ahal zela uste zuen, Belgikaren interesak diplomaziaren bidez babesten utziko ziona; honengatik aske geratzen zen Belgikaren zati txikia burugogor babestu nahi zuen. Honengatik Yserreko Fronteak geldirik jarraitu zuen 1918ra arte. Ludendorffen Ofentsibaren porrotaren ostean soilik baimendu zuen erasoak egitea, Ehun Eguneko Ofentsiban parte hartuz eta gerraren lehen urtean galdu zituen hainbat hiri berreskuratuz.

1918ko Irailaren 28an, Ypresko bosgarren guduan, Groupe d'Armees des Flandres-ak (Flandriako Armada Taldea) alemaniarrak eraso zituen, 9,7 km aurreratuz. Jarraian Courtraiko guduan beste 64 km gehiago aurreratu ziren. FAT Alberto I.aren agintean zegoen Jean Degoutte frantziar jeneralak zuzentzen zuen, eta Belgikako, Frantziako eta Britainia Handiko hainbat dibisiok osatzen zuten.

Eguneroko bizitza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frontea Belgikako Armadaren tropek babesten zuten, 1918ko irailean 221.000 gizon inguru zituena. Gerran zehar hasierako soldadu taldeek hainbat boluntario lortu zituzten, Alemaniar Inperioak okupatzen zuen zatitik ihes eginda, haien lerroetara iristea lortu eta gero. Hauek évadés izena jaso zuten.[2] Guztira 20.000 belgikar hil ziren Yserreko borrokaldietan.[2] 1914an Gabonetako su-etena gauzatu zen frontearen sektore batzuetan. Opariak elkar trukatu zituzten.

Frontean bizitza oso latza zen. Soldaduek egoera antihigienikoetan bizi behar izan ziren lubaki traketsetan, artilleriak zabaldutako lokatzez beteta zeudenak. Yserreko eta Ypresko lurrak oso hezeak dira eta ondorioz, oso ohikoa zen lubakiak urez betetzea. 7.000 belgikar soldadu Tifusagatik hil ziren 1914-1918 artean. [2]

Politika eta Flandestar Mugimendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yserreko frontean bizitako esperientziek belgikar armadaren barnean politizazio prozesu bat eragin zuen. Yserreko frontean zeuden belgikarren artean %65-80 artean Flandriakoak ziren, nederlanderaz hitz egiten zutenak. Valoniar gutxiengoak valoniera hitz egiten zuen.[2] Gehiengo honekin ere, agintaritza nagusiaren hizkuntza frantsesa zen, eta flandestarrak begi txarrez ikusten zituzten. Flandestarrentzat haien politizazioa 1916an puntu gorenera iritsi zen, Frontbeweging-aren ezarpenarekin (Frontearen Mugimendua). 5.000 soldadu inguruk parte hartu zuten. Flandestar nazionalista gehienek ez bezala, Frontbeweging-ak ez zuen independentzia lortzea nahi, autonomia gehiago soilik. Aipatu bezala, mugimendua "anti-belgikarra" ez izan arren, agintaritza nagusia mugimendua desegiten saiatu zuten; ondorioz ezkutaketan antolatutako eginkizunetara igarotzera behartuta.[4]

Gerraren beste aldean, alemaniarrek okupatzen zuten eremuan, flandestarrek beste hainbat mugimendu nazionalista osatu zituzten, gerraosteko garaian prestigiorik gabe geratu zirenak "kolaborazionista" gisa identifikatzen zirelako. Honengatik, Frontbeweging-ak hasiera batean garaipen politikorik lortu ez bazuen ere, aurrerago Frontpartij alderdi politikoaren sorrerarekin garrantzia lortuko zuen, zilegitasuna zeukan flandestar taldea zelako.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. de Schaepdrijver, Sophie. (2005-01-01). La Belgique et la Première Guerre mondiale. Peter Lang B ISBN 9783035262506. (Noiz kontsultatua: 2019-07-26).
  2. a b c d e f Dumoulin, Michel, 1950-. (2010). L'entrée dans le XXe siècle. Le Cri ISBN 9782871065456. PMC 1074805002. (Noiz kontsultatua: 2019-07-26).
  3. de Schaepdrijver, Sophie. (2005-01-01). La Belgique et la Première Guerre mondiale. Peter Lang B ISBN 978-3-0352-6250-6. (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).
  4. Weinberg, Gerhard L.; Carsten, Francis L.. (1969-03). «The Rise of Fascism.» Political Science Quarterly 84 (1): 122.  doi:10.2307/2147060. ISSN 0032-3195. (Noiz kontsultatua: 2022-09-25).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]